Espainiar sozial-inperialismoa eta abertzaletasuna

 Ezker españolaren hegemonismo eta (gure) zapalkuntza nazionalaren azterketa historikoa.

-Laster Lenin eta autodeterminazioaren inguruko idatzi bat, hau osatzeko-

Bilbon 1894an sortutako La lucha de clases aldizkarian honela ikusten zuen Espainiar sozialismoak euskal abertzaletasuna: “filosofía de campanario, espíritu de pequeñez y miseria, espíritu rural y reaccionarioRegionalismo chinesco.” Espainiako sozialismoak beti izan du bere burua progresistatzat eta internazionalistatzat, baina ez nazionalistatzat. Izatekotan, euskalduna izan da harentzat abertzaletasun erreakzionario burgeszalea. Ezaguna da, orobat, PSOEren baitan inperialismo mozorrotua bor-bor nola zegoen garai haietan (ez gaur baino gutxiago, hala ere)… “Hablar de una patria chica y querer conservar una lengua regional cuando todo tiende a universalizarse es una de las mayores locuras…”.

Euskal Herria, Espainiako ezkerrarentzat (ez guztiarentzat, baina bai gehiengoarentzat), región de España izan da beti: berdin PSOErentzat, Carrillo eta PCErentzat lehen (Primo de Riverarentzat zein Francorentzat bezala), berdin Zapatero eta Patxi Lopezentzat orain. Eskuma eta ezkerra horretan batera joan dira beti. Gogora daiteke espainiar sozialismoaren hasierako literatura hartatik 1899an La lucha de clases aldizkarian esandakoak, hobe zela lore-jokoak desagertzea, eta baita dialekto eta hizkuntza diferente guzti horiek (euskara batez ere), “que son causa de que los hombres de un país se miren como enemigos y no como hermanos”, alajaina. Inperialismoa eta faxismo garbi-garbi hori progresismotzat zeukaten; oraindik daukate batzuek. Horren erakusle, duela urte batzuk, ezker progresista autoizendatutako batzuek Manifiesto por la lengua común sinatutakoa, Vargas Llosa, Savater eta enparauek, oso ezkertiar, demokrata eta progresistak direnak, den-denak. Berriz ere tesi inperialista espainol berbera bueltaka, espainola dela la lengua común de todos los españoles, eta beste hizkuntzak erregionalismo kontuak… “en España hay diversas realidades culturales pero sólo una de ellas es universalmente oficial en nuestro Estado democrático.” Amen.

Espainiar sozialismo inperialistak diferentziarekin izan duen eta daukan jarrera horixe da. Unamunok bere garaian euskara berreskuratzen ez tematzera deitzen zigun bezala, ia 100 urte beranduago PSOEren gobernuko Euskara aholkularia den Jon Juaristi diskurtso berarekin etorri da berriz probokazio asmo betean. “Es mi antigua convicción de que el vascuence… carece de condiciones intrínsecas para servir de medio de expresión a un pueblo…” eta abar esaten zituen Unamunok, eta Jon Juaristik “el euskera no ha servido como vehículo cultural, y para mí, es un idioma del pasado”, eta abar esaten ditu berdin orain. Espainiar sozialismoa elebakar zapaltzailea izan da beti.

PSOEk zein beste sasi-ezkerreko nazionalista espainolek bere garaian tour de force bikainak egiten zituzten, eta egiten dituzte oraindik ere, nazionalistak ez direla aldarrikatzeko. Asko jota, patriotak direla, inondik inora ez nazionalistak, aldarrikatu izan dute: “llevad entendido que si patria es la unión de individuos con intereses y aspiraciones comunes, los patriotas por excelencia son los socialistas”, esaten zuen Tomás Meabek. Problema handirik gabe batere, sozialistok patriotak dira, eta asko jota beraien identitatea empieza en una calle de Coscojales y acaba en ninguna parte, Patxi Lopezek duela ez asko esaten zuenez (Meabek antzerako zerbait: “mi patria empieza en mí y acaba en ninguna parte”). 100 urtetan PSOEk eskema inperialista berberak errepikatu baino ez ditu egin, identitatea eta nazio arazoa pentsatzerako orduan.

PSOEk historian behin bakarrik onartu du, teorikoki bada ere, Estatu espainoleko nazionalitate desberdinen aferaren aurrean autodeterminazio eskubidea aplikatzea dela irtenbide demokratiko bakarra, hain zuzen, trantsizio frankista orkestratua heldu aurretiko urteetan, 1974eko Suresneseko Kongresuan. 1976ko Kongresuan oraindik PSOEk ere defendituko duen irtenbidea horixe izango da. Hortik aurrera, ordea, badakigu historia zein izan den: PSOEren sorrerako jarrera inperialistaren birformulazio etengabea. Are gehiago, Espainiar sozial-inperialismoak beti hartu izan ditu estatutua eta foru-hobekuntza euskaldunoi egiten zaigun oparitzat, ez justizia kontutzat edo.

Historikoki, Espainiar sozialismoaren arazoa izan da sozialismoa eta abertzaletasuna (euskalduna bakarrik, espainola inoiz ez) oposizio gisa ikusi izan dituela; baita internazionalismoa eta nazionalismoa ere (Europa guztian batera ulertzen ziren bitartean. Gurean, ETAk bildu zituen, V. Biltzarrean batez ere, ideologikoki eta praxian sozialismoa eta nazionalismoa). PCEk eta PSOEk, Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidea ukatzeko, abertzaletasunak langileriaren batasuna hausten zuela esaten zuten 70. hamarkadan: oraingo bertsio modernoan askotan entzun behar izaten dugu, oraindik ere… abertzaletasuna burgeskeria kontua dela, lehenengo problema sozialak daudela eta problema nazionalak hirugarren mailako problemak direla, hemen hiritarren problemak konpondu behar direla eta beste guztia kapritxo hutsa dela, banderak trapuak besterik ez direla (baina badaezpada, Odon Elorzak Donostiako alkatetza utzi aurretik goraino igo zuen bere banderatxo espainola udaletxean, lehen frankistek egiten zuten maneran), fronterak ez direla existitzen jada (multinazionalentzat izango da!), eta abar. Espainiako ezkerrak (PSOEk eta PCEk, batez ere) identitate kolektibo euskalduna mespretxatu, ukatu eta zapaldu du historian, burla eta ezaxola handiarekin.

Baina zer, eta oraindik entzun behar dugu, baita ere, UPyDtik hasi eta 15-Mko suminduen mugimenduaren zati bateraino (mugimendu osoa ezin daiteke zaku berean sartu), Espainiako demokrazia gaixoak erreforma bat behar duela hauteskunde legean, barruti bakar bat ezartzeko. Fuera “pribilejioak”! “El sistema concertado que en materia económica regía en provincias Vascongadas entraña un notorio privilegio con relación al resto del territorio nacional… No es, pues, admisible que subsista ese privilegio sin agravio para restantes regiones…” (Francisco Franco Bahamonte. 1937-06-23. Burgos). Berriz ere, Espainiako ezkerraren zati bat eskema inperialista (eta are frankista) zaharretan ainguratua dagoela antzeman daiteke.

España, Una, Grande y Libre. Hori da PSOEren eta Espainiako ezkerraren gehiengoaren nazioa: ez dago bi Espainiarik, bakarra dago. Argazkitik ateratzen den guztia, nazionalismo erregionalista atzerakoia eta ideologikoa da. PSOEren iritziz euskararen alde egitea ideologia da: euskararen alde ezer ez egitea, aldiz, ez. Berriz ere erretorika berdinarekin datozkigu… “en el caso de Bildu, prima la ideología y se toman las decisiones sobre bases ideológicas (…) prima la ideologia sobre los intereses de San Sebastián” (Odón Elorza).  Tamainako txotxolokeria esan eta lasai geratzeko, atzean urte luzeren ostean Espainiar nazionalismoak gotortutako hainbat binomio burugabe daudela aintzat hartu behar da: demokratak/biolentoak, hiritarrak/nazionalistak, unibertsalak/partikularrak, praktikoak/ideologikoak… Binomio horiek apurtzen ari dira, ordea.

Kontua, beraz, hau da: Espainiako ezkerrak izan du unibertsaltasunaren giltza gaur egun arte, eta beste guztiak izan gara identitate partikularren eta diferenteen aldarrikatzaile… Gu gara nazionalistak, ideologia guk dugu, partikularistak gara… Jakina! Unibertsala Espainia da. Espainian unibertsala espainola eta konstituzioa dira; beste guztiak gizarte batasuna eta ongizate estatua apurtzen duten partikulartasunak. Unibertsalaren hegemonia, ordea, berreskuratze bidean gaude, irabazten goazen heinean. Orduan, euskalduna herritar ez-nazionalista soila bilakatuko da, sozialisten Espainia nazionalista atzerakoi, erdiaroar eta inperialista izaten jarraituko duen bitartean.

A. Olariaga Azkarate

http://basque.criticalstew.org/?p=7083

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s