Gorenak baliogabetu egin ditu Bilduren zerrenda guztiak

61eko aretoko epaileen bozketa 9-6 geratu da. Gehiengoaren ustez, Batasunak zuzendu eta kontrolatu du Bildu. “Polo subiranista sortzeko ideia EArena da”, esan dute aldeko sei epaileek. Bilduk iragarri du Auzitegi Konstituzionalera joko duela; bi egun ditu helegitea aurkezteko eta Konstituzionalak ostegun gauerdirako hartuko du erabakia. 

Espainiako Auzitegi Goreneko 61eko aretoak baliogabetu egin ditu Bildu koalizioak maiatzaren 22ko udal eta foru hauteskundeetarako aurkeztutako 254 zerrendak; hau da, guztiak. Bart gaueko hamaiketan jakin da erabakia. Bederatzi epailek egin dute neurri horren alde, seik kontra. Beste bat zerrenda batzuk ontzat jotzearen alde agertu da. Aretoko gehiengoaren ustez, Batasunak zuzendu eta kontrolatu du Bildu, eta EA eta Alternatiba erabili ditu atzera berriz erakunde publikoetan egoteko.

EAk eta Alternatibak ez ezik, independenteek ere osatzen dute koalizioa, baina Gorenak dio horiek erakundeetan baleude “ETAren aldeko politika” egingo luketela.

“Polo subiranista sortzeko ideia EArena da”, diote aldeko sei epaileek

Manuel Ramon Alarcon, Juan Antonio Xiol, Gonzalo Moliner, José Luis Calvo, Alberto Jorge Barreiro eta Rafael Gimeno-Bayon izan dira Bilduren aldeko botoa eman dutenak, uste baitute koalizioaren sorrera ez dela ETArena izan. “Polo subiranista eratzeko ideia EArena da, baina hori sortzeko ezker abertzaleari esan izan dio ETArengandik aldentzeko, eta ezker abertzaleak aldaketa handia egin du, heldutasun politiko eta barne eztabaida baten bidez”. 

Aretoko hamasei magistratuak igandeko goizeko hamarretatik aritu ziren Estatuaren abokatuaren eta Fiskaltzaren inpugnazioak eta Bilduren alegazioak aztertzen, eta gauerdirako hartu behar zuten erabakia. 

Gorenak erabakia hartu baino lehen Bilduk iragarri du Auzitegi Konstituzionalera joko lukeela kasu horretan. Bi egun dauzka helegitea aurkezteko, eta Konstituzionalak ostegun gauerdirako hartuko du erabakia, kanpaina ostiralean hasiko baita.

Bilduk gaur (astelehena) egingo du bart gaueko erabakiari buruzko lehen balorazioa: 11:30ean, Bilbon.

Inpugnazioak eta alegazioa

Estatuaren abokatuaren iritziz, Bilduren zerrendak “ETA-Batasunak zuzendu eta osatu” ditu. Fiskaltzaren ustez, EA eta Alternatiba hauteskundeetara aurkezteko bide gisa erabili ditu Batasunak, eta idatzian arrazoitu du “ETA-Batasunak diseinatu” zuela koalizioaren formula.

Bilduk dio ETAk eta Batasunak diseinatuta dagoela esateko “froga objektiborik” ez dagoela. Gainera, azpimarratu du aldatu dena ezker abertzalea izan dela eta EA eta Alternatiba betikoak direla. Haren ustez, “kontrazantzu sendo eta nagusi” bat dago; hots, EAk eta Alternatibak urteotan izan duten ibilbidea. Bi alderdiok beti irmo azaldu dira ETAren indarkeriaren aurka, eta, beraz, “ez dago zalantza izpirik” alderdi demokratikoak direla, Bilduk alegazioetan dioenez.

Sortu ezker abertzaleko alderdiaren auzia ere Goreneko 61eko salak aztertu zuen, duela aste batzuk; bederatzi epaile alderdia erregistratzearen kontra azaldu ziren, zazpi alde. Ezker abertzaleari buruzko auzi saioetan sekula ez da izan halako zatiketarik Gorenean.

http://berria.info/albisteak/50221/gorenak_baliogabetu_egin_ditu_bilduren_zerrenda_guztiak.htm

eta on zer?

3 thoughts on “Gorenak baliogabetu egin ditu Bilduren zerrenda guztiak”

  1. Gaur martitzena kontzentrazioa egongo da udaletxe aurrian arratsaldeko 19:30etan ilegalizazioa salatzeko.

  2. Ba ondinoko Constitucionalian helegitia ipini ta egunera ate itxon ia zer dinon.
    Espainiako Justizijan eztot sinisten baina eguenera arte horixen dao ta gero…

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s