“Panem et circenses” eta gizarte (post)frankistaren psikologia

Barriro be, Lapiko Kritikoaren suakldetik pasatu gara. Antza danez euren aldizkarija prest dauke eta saltzen ipini dabe; nahi dabenak 6€n truke eskuratu ahalko dau. Informazio gehiago web orrialdian (http://basque.criticalstew.org/).

Bitxartian artikulu oso interesgarri bat hartu dogu bertatik

“Panem et circenses” eta gizarte (post)frankistaren psikologia

Andoni Olariaga Azkarate

Antzinako Erroman, I. mendean, bertoko enperadoreek herriari zirkua ikusteko sarrerak  eta garia oparitzeko ohitura zuten. Horrela, herritarrak jokoekin denbora-pasan entretenituz eta haien zerri sabelak bero-bero mantenduz, gobernuaren kudeaketa politikoak estaltzeko ekintza deskribatzeko erabiltzen zen Panem et circenses esaldia (I. mendean Juvenal poeta erromatarrak sortua). Historian zehar ezin esan daiteke formula horrek funtzionatu ez duenik. Are gehiago, gaur egun, formula hori dago kapitalismoaren biziraupenaren oinarrian (beste batzuen artean).

Esaldi hori orain albo batera utziz, ohitura espainolak badu handik eratortzen den Pan y toros esaldi propioa. Espainiar kulturak duen topikoa izanik, herri xehearen pasio baxuenen asetzaile eta bultzatzaile diren zezenketen funtzioa deskribatzen du azken honek. Are gehiago, zezenketek arazo sozialak baretu eta herriaren endelgua atzeratua mantentzen omen dituela esaten da. 1812an León de Arroyalek dioenez: “Haya pan y haya toros, y más que no haya otra cosa. Gobierno ilustrado: pan y toros pide el pueblo. Pan y toros es la comidilla de España. Pan y toros debes proporcionarla para hacer en lo demás cuanto se te antoje in secula seculorum. Amen.” Hori da Espainiar ilustrazioa. Izan ere, Espainiako “Independetzia” gerra artxikatoliko erreakzionarioaren ondoren, Fernando VII.ak unibertsitateak itxi, museoak desmantelatu, baina horren ordez Tauromakia eskola bat zabaldu zuen, orduko hispaniarren entretenimendurako.

Panem et circenses esaldira bueltatuz, eta analogia bat eginez, circenses herriaren opioa dela esango dugu Marxekin, gizakiak alienatu eta errealitate politiko, sozial eta abarraz ez kezkatzera bultzatzen gaituenean. Zer ez da circenses gaur egun? Kritika pollitically correct eginez, denok onartzen dugu gaur egungo circenses, futbola, telebista, prentsa arrosa, eta abar direla… Batzuen zirku partikularra euskal gatazka ere bihurtu da, handik bizi baitira, eta hura gabe ezin bizi ahalko lirateke hainbat espainiar zein euskal politikari, idazle zein poeta (gatazkaren iraupenera bakarrik ziurtatuta baitaukate haien imajinazioa eta produkzioa, ergo soldata). Panem aldiz, sabelak ongi koipeztatuak izatean datza. Bi oinarri horien gainean eraikitzen da egungo gizartea.

Hortik gaur egunera jauzi eginez, debate popularra circenses mota batean zentratu zen duela gutxi. “Zezenketak bai ala ez?” galdera ja aski dogmatikoan, eztabaida bere terminotan zentratu ordez, zuria eta beltzaren aukera soilak eskaintzen zituen, kondena politikoaren egitura semantikoaren berdin-berdin. Eta ohikoa denez, eztabaida argumentu absolutuekin burutu zen, bai alde zein kontra zeudenen aldetik (argumentuak berdin berdin daude kontra zein alde, hori ez da kontua). Baina barregarriena dena zera da; torturaren eta sufrimenduaren aurrean sentsibilitate handia daukan kultura bat saldu nahi zaigula eztabaidaren oinarrian bertan. Baina barkatu: de facto, tortura, hilketak, sufrimendua… egunero dituen eta herritarrek problema handirik gabe onartzen dituen gizarte eta Estatu oso demokratiko batean bizi gara. Guardia Zibilak 105 euskal herritarren tortura salaketa jaso ditu 2010ean (hauek datu zaharrak dira, tortura salaketa gehiago izan dira ondoren), baina guri bost axola hori ere; orain comidilla popularra zezenketak eta animalien eskubideak dira. Animaliaren zein gizakiaren sufrimendua bost axola zaion kultura honetan, hortaz, zezenketen aitzakiarekin sufrimenduaren inguruko eztabaida handi bat hastea adar jotze galanta da.

Kontua ez da, hortaz, afera hau koherentzia absolutua bilatzen konpontzen denik ere. Hau da, oso listoa den batek hauxe galdetzen du: zergatik zezenketen kontra, bitartean foie, pintxoak, solomoa eta abar jaten ditugunean? Postura hau ere erradikalinskiegi dirudi, eta aitzakia merkea zezenketak defendatzeko, Savater tauroetikoak egiten duen bezala. Afera, aldiz, beste hau da: de facto dagoen kultura edo gizarte honi bost axola zaiola gizakion eta animalion tortura, hilketa eta sufrimendua, ezpada etxetik telebista ikustean sentitzen dugun inarrosi hipokritatik aparte. Hori da, nire ustez, egin beharreko lehen hausnarketa. Bigarren hausnarketa: zezenketena, dudarik gabe, iritzi publikoak sortutako eztabaida besterik ez zen izan.

Askotan entzuten da gaur egunean, duela 50 urtetatik ona sentsibilitatea findu egin dela erailketen edo torturaren aurrean (gure herriko afera politikoari begira esaten da batez ere), eta hori dela motiboa, beste batzuen artean, borroka armatua sostengaezina bihurtu izanarena. Gezur hori sinesten hasiak al gara? Izan ere, kultura honetan tortura onartzen da (animaliena eta gizakiarena), erailketa onartzen den bezala (Jon Anza-ren heriotza Espainiar eta euskal gizartearen zenbati eragin die plazera?). Bestearen sufrimenduarekin disfrutatzea gizatiarra da, gizatiarregia, Nietzschek esan bezala. Horrelaxe sortu zen justizia, sentimendu hori sublimatzeko. Ez da gaizki etorriko gogoratzea The Economist-ek 2008an egindako inkesta batean ondorioztatzen zela, espainolen %51 heriotz-zigorraren aldekoa zela, beti ere terroristei (hau da, audientzia nazional auzitegi frankistan auzipetu dituzten euskaldunei) aplikatzen bazaie. Hau da, kunetan ikusi nahi gaituztela. Hortaz, ze sentsibilitate eta ze arraio?!

Heriotza zigorra eta tortura basatiak onartzen dituen kultura batean zezenketaren eztabaida atera izana barregarria da. Ageriko zirkua murriztu nahi dute, jendaurrean itxura ona emateko; ezkutuko zirkua (kartzelak, bahiketak, torturak, eta abar) ongi estalia izatearen truke. Eztabaida batek bestea itzaltzen du.

Ordea, argi dagoenez, ondoko eztabaida da egin beharrekoa: kultura edo gizarte honetako gizakiek ze harreman izan nahi dute gizakiarekin berarekin, eta ze botere eman nahi diote gizakiari animaliaren gainean? Bide erreza hartu nahi duenak, harreman hori legeak aldatuz edo gogortuz eraiki nahiko du, edota Giza Eskubideen deklarazioa hobe idatziz. Horrek ez du, ordea, ezertarako balio. Gizakien arteko harremana eta gizakien eta animalien arteko harremana aldatzeko kultura bat eraiki behar da. Giza eskubideen aplikatzailea Nazio Batuen Erakundea da; baina NBE osatzen dituen erakundeak eskubideok errespetatzen ez dituzten estatuak! Beraz, Estatuak bere burua zuritzeko gurpil zoro bat baino ez dugu Giza Eskubideak; hasieran, estatuaren sarraskien aurrean gizakia defendatzeko eginiko deklarazioa; ondoren, estatuaren sarraskiak zuritzeko paper huts bat.

“Algo de esto ya presentían los autores de la Comisión que elaboró el texto. Porque en un momento de las deliberaciones, su presidenta, M. Roosevelt, llegó a decir – replicando al delegado soviético – que quería convertir al Estado en el depositario y gestor último de los distintos derechos, que en el fondo la Declaración nacía como una defensa del individuo contra el Estado. Sin llegar a esta apreciación generalista con un claro valor dialecto de Mrs. Roosevelt, la historia de los casi cincuenta años [el libro está escrito en 1998] transcurridos desde su aprobación nos demuestra que son ellos los estados quienes más frecuentemente violan los Derechos Humanos. En tales casos, y los ejemplos son múltiples, siempre se pueden refugiarse en la concha de la defensa de sus intereses vitales de seguridad e integridad contenidos en el artículo 2, párrafo 7 de la Carta.” (González, Nazario. (1998) Los Derechos Humanos en la historia. UAB. Bellaterra.)

Estatua da eta izango da, egon diren eta egongo diren Auschwitz guztien oinarria, beraz. Giza eskubideen hasierako funtzioa gehiengoaren arrazoiaren eta Estatuaren gehiegikerien kontra joatea zen. Horregatik, ez da berriz gaizki etorriko gogoraraztea, Ilustrazio Frantsesaren ondotik, 1973ko Giza Eskubideen 35. Artikuluan esaten dela: «Quand le gouvernement viole les droits du peuple, l’insurrection est, pour le peuple et pour chaque portion du peuple [ongi zekiten frantsesek iraultzak ez dituztela herri osoek egiten, baizik eta herriaren parte batek], le plus sacré des droits et le plus indispensable des devoirs.» Iraultza beraz, eskubidea eta obligazioa da.

Giza Eskubideak, beraz, estatuaren gehiegikeriak geldiarazteko sortutako instrumentu izatetik, Estatuaren eta demokraziaren izenean egiten diren gehiegikeri berriak zuritu eta estaltzeko tresna bihurtu da. Gizarte kapitalistetan absolutua ez baita giza duintasuna (Giza Eskubideen oinarri metafisikoa dena), gutizia eta botere-nahia baizik. Giza eskubideak boterearen tresna bihurtu dira: zaila egingo zaigu gutxiengo zapalduen onerako erabiltzea.

Beraz, animalien edo gizakien eskubideen eztabaida antzua albo batera utziz (Savater bezalako taurinoei bazka ematea baita sasi-argumentu hau erabiltzea), gizakiak gizakien eta animalien gainean duen harremanaz hitz egitea litzateke zentzuzkoagoa. Baina esan bezala, hori ezin da legeen mailan egin, hau da, zezenketak debekatzen, edo (beste kasu batzuetan) genero biolentzia gogorrago zigortzen, edo tortura paperean debekatzen (zertarako balio du Garzonek torturaren kontra aplikatutako protokoloa?). Legeak ez du kultura egiten, eta gutxiago errealitate bat aldatzen. Legeak eta eskubideak aspaldi honetan estatuen sarraskiak gordetzeko eginak izaten ari dira. Horren ordez, kultura demokratikoa egin eta eraiki behar da, ez legeen bidez, gizakiaren miseriak lege zurrunen pean estali eta instintu biolento denak sublimatu ditzaten. Aitzitik, kultura honek animaliekiko eta gizakiekiko duen harreman mota da aldatu behar dena, gauden kultura ezin biolentoagoa baita.

Eta horretarako, Zizekek Alhondigan eman zuen hitzaldian esan bezala: “edo hitzak torturatzen ditugu, edo gizakiak torturatzen amaituko dugu”.
http://basque.criticalstew.org/?p=6251

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s