“Gatza” euskal presoa kalean da jadanik

31 urte luze giltzapian pasa ta gero, Europa osuan  kartzelan denpora gehixen  pasa daben preso politikua libre itxi dabe gaur. Hamen ikusi ahal dozue Berriako berari buruzko artikulua ta baitxa “Gatzak” emon dabezen lehenengo deklaraziñoiak entzun bebai. Duda barik notizi oso pozgarrixa danontzat.

‘Gatza’ kalera atera da, eta Euskal Herrira bidean da dagoeneko

Ezker abertzalearen ordezkariak, preso ohiak eta abokatuak elkartu dira Jaengo espetxearen atarian, Zornotzako herritarrekin batera. Alabaren eta senideen besarkada jasota autoan sartu eta Euskal Herrira bidean da Jose Mari Sagardui. Ikurrinak eta banderolak ikusten dira. Kazetari ugari bildu da. Aitziber Laskibar BERRIAko kazetaria zuzeneko kontaketa egiten ari da Berriketan.info sare sozialean.

Ia 31 urte espetxean egon ondoren atera da kalera Jose Mari Sagardui Gatza euskal presoa. Espetxetik atera denean, alabaren eta senideen besarkada jaso eta Euskal Herrira itzultzeko autoan sartu da. Aitziber Laskibar BERRIAko kazetariak Berriketan.info sare sozialean jaso duenez, “Gatza, herria zurekin!” izan dira preso ohiak entzun dituen lehen oihuak.

Jaengo espetxearen atarian euskal herritar ugari zituen zain, lehen harrera eskaintzeko gogoz, besteak beste, ezker abertzalearen ordezkariak, preso ohiak eta abokatuak, Zornotzako herritarrekin batera. Euren oihuekin zornotzarrek AVTko kideen oihuak estali dituzte. Euskal Herritik joandakoak ere autobusean sartu eta Euskal Herrirantz datoz.

Goizean jarri du Jaenen Espainiako Gobernuak duen ordezkaritzak martxan Gatza askatzeko prozedura, eta, bide batez, irteera “baketsua” izateko modua prestatuela jakinarazi du. Ultraeskuindar talde bat zegoen espetxe kanpoan euskaldunei irainka. Polizien despliegea handia zen eta kazetari ugari zeuden Gatza noiz aterako den zain. Kazetarien galderei erantzunez, Gatzak bere zigorra bete duela gogorarazi du Espainiako Gobernuaren ordezkariak.

Harrerak, debekatuta

Fernando Grande-Marlaska Auzitegi Nazionaleko epaileak gaur goizean debekatu egin ditu Gatzari ongi-etorria egiteko antolatutako omenaldiak. Espetxean bertan egitekoak diren harrera debekatu du, eta horrekin batera, baita Zornotzara iristen denerako antolatutakoa. Bizi osorako kartzela zigorrik ez leloa zuen Zornotzakoak, eta aurretik Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailak ere debekatu du. Larunbatean egitekoa den bilkura ere debekatu du Jaurlaritzak.

Terrorismoa goratu eta biktimak irainduko zirelakoan dago Grande-Marlaska epailea. Debekua Francisco Jose Alcaraz Terrorismoaren kontrako ahotsak (VCT) elkarteko presidenteak eskatu du. Debekatzen ez bazuten elkarte horretako kideek espetxearen atarian harrera oztopatuko zutela egin du mehatxu auzitegian aurkeztu duen idatzian.

Europan espetxean denbora gehien daraman preso politikoa

2009ko abuztuaren 20an zuen irteteko eguna Gatzak, baina urte bereko apirilean Granadako Epaitegiko zigor aretoak 197/2006 doktrina ezarri eta zigorra luzatu egin zion. Europan espetxean denbora gehien zeraman preso politikoa zen.

1980ko uztailaren 8an atxilotu zuen Espainiako Poliziak, ETAko kidea izatea egotzita. Harrezkero, besteak beste, Carabanchel, Soria, Puerto I.a, Herrera de la Mancha, Sevilla II.a, Mallorca, Sevilla I.a, Granada, Puerto II.a eta Jaengo espetxeetan eduki dute, Euskal Herritik ehunka kilometrora betiere. Gaur egun Jaenen zegoen preso.

Aurki Jon Agirre Agiriano preso politikoa ere espetxetik aterako da, kartzelan 30 urte egin ondoren.

Hurrengo enlaze bixetan, alde batetik “Gatza” libre gelditxu daneko lehenengo irudixak ikusi leikez eta bestetik,  berak esandako lehen berbak:

http://www.gara.net/bideoak/110413_gatzaluzea/

http://www.gara.net/azkenak/04/259914/es/Gatza-agradece-apoyo-recibido-tres-decadas-que-ha-permanecido-prision

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s