Iñaki Uria

2011-02-20
Zuzenbide estatua eta adierazpen askatasuna

Iñaki Uria- Egunkariako kontseilari ordezkaria

> Aste honetan, euskarazko hedabideak bildu dira. Editoriala
> idatzi dute. Asko dira. Sektore ekonomiko sentitzen dira.
> Laguntzak behar dituzte. Prentsaurrekoa eman dute, 27 milioi
> euro mugitzen dituzte, 600 langiletik gora dituzte…
> Giharra erakutsi nahi izan dute, dugu. Elkarlan baten
> hasiera.
>
> Garai larriak ezarri dizkigu ekonomiak, eta ez dago erraza
> aurrera ateratzen. Itxi dituzte herri aldizkari batzuk, eta
> beste asko kinka berean eror daitezke. Zenbaiten kasuan,
> Euskal Herria Irratia kasu, krisiaz gain, lizentziarik gabe
> aritu beharra egokitzen zaie. Eta laguntzarik gabe.
>
> Elkartu gara, argazkia atera dugu, eta kalean berriz,
> isiltasuna sumatzen dut. Adierazpen Askatasuna eskubide
> orokor eta unibertsala dugu, baina gure gizartean botere
> ekonomikoarekin ondo lotutako komunikabideek daukate
> gehienbat adierazteko eta informatzeko aukera. Herritarrok
> eskubidea dugu, etxebizitza duina izateko eskubidea edota
> lana izateko eskubidea bezalaxe, baina adierazteko eta
> informatzeko aukera horretarako lanabesak dituenak besterik
> ez du. Gutxi gorabehera.
>
> Horregatik, begiratzen ditut euskarazko komunikabideak, eta
> gehienak herri ekimenez eta herri bultzadaz sortutakoak
> dira. Duela hogei urte pasatxo Egunkaria Sortzen-en bidez
> Egunkaria sortu zen tankera bertsuan sortuak. Ez dugu
> ezagutu enpresari handirik euskarazko hedabideak pizteko
> inbertsio sendorik egin duenik. Euskaldunok euskaraz
> bizitzeko hedabideak behar dituztelako sortu ditugu sortu
> ditugunak. Hori izan da helburu nagusia.
>
> Baina Egunkaria-ren itxierak erakutsi zigun ez zela bakarrik
> euskara eta euskal kultura jokoan zegoena. Euskaldunon eta
> euskal herritarron askatasuna zegoen jokoan. Euskaraz
> bizitze hutsagatik, Euskal Herria egiten ari ginen, eta
> horretan ari ginelako moztu zuten zabaltzen ari zen
> errealitatea. Espainiako Estatuak, orduan PPren
> gidaritzapean, euskal gatazkaren aurka erabakitako
> estrategiaren biktima gertatu zen Euskaldunon Egunkaria.
> Besteren artean, euskal herritarron erabaki eskubidea jomuga
> zutelako itxi zuten Egunkaria.
>
> Atxilotu, torturatu eta kartzelatu gintuzten bitartean
> isiltasuna nabarmendu genuen komunikabide eta kazetarien
> artean. Frantzia eta Espainiako hedabideak Adierazpen
> Askatasunaren hilerri bihurtu ziren orduan. Kataluniako
> zenbait hedabide eta Euskal Herriko hedabide euskaldunak
> izan ziren isiltasun hori urratu zuten bakarrak. Donostiako
> manifestazioa eta mobilizazioak pixkana isiltasun hori
> apurtzen joan ziren.
>
> Zazpi urteren ondoren epaiketa aurrera zihoala, Euskal
> Herriko hedabide eta kazetari ezberdinak ere etorri ziren
> Egunkaria Libre! oihu orokorrera. Absoluzioaren ondoren,
> Espainiakoak ere bai. Bakardade mugagabe honen berri ederki
> eman zuen Marie Darrieussecq idazleak Indépandentiste ne
> veut dire terroriste artikuluan: «Absoluzioak artikulu bat
> edo beste agerrarazi du Frantziako prentsan, Le Monde-k
> argitaratutako Bozonnet-ena, esaterako. Baina kazetari
> frantziarrek zalantzan jartzen ote dituzte euren kolegek
> esandakoak, hainbeste denboraren ondoren, torturen
> oihartzunik ez argitaratzeko eta ez aipatzeko adierazpen
> askatasunari eginiko atentatuak, han, hain hurbil?».
>
> Duela urtebete epaiketa amaitu berritan ginen. Epaiaren
> zain. Une gogoangarri asko izan ziren epaiketan. Bat gogora.
> Abenduaren 15ean, Auzitegi Nazionaleko aretoan Txema
> Auzmendi deklaratzen ari zela denok geratu ginen txundituta.
> Txemak, bere santutasunean, guardia zibilen torturak
> salatzeko orduan Auzitegi Nazionaleko Del Olmo epaile
> instruktorearen ardura salatu zuen. Han bertan. Auzitegi
> Nazionalean epaitzen gintuen epai mahaiaren aurrean. «No
> hay derecho!», esan zuen. Hala atera zitzaion. Eta indarra
> zuen etxe horretan horrela esateak. Gure abokatuek ere
> distira atera zioten ofizioari, eta itsas-argia piztu zuten
> lainoz jositako auzian.
>
> Absoluzioa etorri zen azkenean, eta sententzia harrigarria,
> Auzitegi Nazionalean ebatzia izateko. Egunkaria-ren itxiera
> ez dela konstituzionala ebatzi zuen, prentsa eta adierazpen
> askatasunaren aldarria egiteaz gain. Frogatutako egitateak
> ez zirela zigorgarriak. Euskarari buruzko tesiak —ETAren
> helburu da euskara, euskara bultzatzen dute, ETA dira—
> ondorio okerrera eraman zuela; prozeduraren azterketak
> akusazio hipotesiaren artifizioa zirela; torturen inguruan
> gure deklarazioek egiazkotasuna zutela…
>
> Isilik zeudenak «El estado de derecho funciona» esaten
> hasi ziren. Sententziak hori frogatzen zuela. Eta sententzia
> irakurrita, eta auzia barrutik bizita, garbi dagoena da
> justu kontrakoa erakusten duela: Espainian zuzenbide
> estatuak ez duela funtzionatzen. Auzitegi Nazionalean ez
> behintzat. Edo bestela esanda, une bakoitzean Estatu
> interesen arabera funtzionatzen duela.
>
> Bidean geratu zen Egunkaria itxita. Adierazpen Askatasunaren
> hilerrian topatu dut hilobia. Harrizko herrian zizelkatuta,
> hitz batzuk espainieraz: «El estado de derecho
> funciona». Aldamenean dago Udalbiltzarena. Absoluzioa bai,
> baina bitartean zerraldo. Badatoz beste epaiketak ere,
> Bateragunerena, herriko tabernena, Egunkaria-aren beraren
> kasu ekonomikoa…
>
> Demokrazia baten osasuna Adierazpen Askatasunaren
> osasunarekin pareka badaiteke, geurean asko dago osatzeko.
> Kalte handia egin digute, baina adorea izan dugu aurrera
> egiteko, eta, krisiak krisi, sekula ez da hainbeste hedabide
> eta kazetaririk izan euskaraz lanean. Zuek eutsi diozue
> Egunkaria Libre! aldarriari, eta ikur bihurtu da Adierazpen
> Askatasunaren armarrian.
>
> Kalte ordainak eskatzen hasteko ordua da.

http://paperekoa.berria.info/iritzia/2011-02-20/008/002/zuzenbide_estatua_eta_adierazpen_askatasuna.htm

1 thought on “Iñaki Uria”

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s