Gabonak eta elkartasuna

Gabonetan gaude, ofizialki. Telebistako iragarkiak, kaleetako argiak, albistegietako erreportaiak, dendetako erakuslehioak… Gabon giroa jabetzen da gutaz, denok pertsona hobeak eta eskuzabalagoak bihurtzen gara. Baina egun batzuetako kontua baino ez da izango, ezta?

Aurreko baten, gaur egungo telebistan modan dagoen saio horietako bat ikusten egon nintzen: hainbat kazetarik, kamara banaren laguntzaz, gai baten inguruko ikuspuntu ezberdinak erakusten dizkigute, herritar arrunten bizimodu edo egoerak adibidetzat hartuta. “Ez dira ohiko gabonak izango” zioen izenburuak, euskarara hitzez hitz itzulita. Krisiak gabonetan izango duen eragina erakutsi nahi zuen saioak. Tartean, jatetxeetako jabe zoriontsu, merkatari etsitu eta espainiara heldu berri ziren militarren artean, familia arrunt bat ageri zen, gabonak elkartasuna zabaltzeko asmoarekin igaro nahi zituena.

Senar-emazteak goizean goiz esnatzen ziren gosaria prestatu, seme-alabak jaiki eta “elkartasun-ibilbidea” delakoari ekiteko (beste hitzez hitzeko itzulpen bat). Kotxea hartu eta hirira zuzentzen ziren eguna argitzearekin batera. Bitan banatzen ziren ondoren, kantu zaharrak dioen bezala; ama-alabak zain geratzen ziren, aita-semeak poltsekin kalerik kale abiatzen ziren bitartean. Espaloi ertzetan eserita, atarietan etzanda, eskean, etxerik gabe zeudenei, gosaria eskeintzen zieten, kafea eta boiloa, azukre eta guzti, zerbitzariak bailiran, berba adeitsu eta errespetuzko keinuen artean, kasurik onenean bi boilo emateraino. Guztia asmo onez, jakina, semearentzat gogorra bazen ere, txikitatik ikasi behar denaren aitzakiaz eta behartsuei laguntzearen ilusioaz.

Niri, egia esan, zurikeria irudi zitzaidan guztia, gosariaz haratago. Harrotasun puntu bat nabari zen aitaren hitzetan eta keinuetan gosaria ateratzen zuten bitartean; kaleko jende hura baino status altuagoa izateak, eta hala ere, laguntza eskeintzeak, ematen duen harrotasuna, karitatea banatzen egongo balira bezala, gosaria bera limosna bihurtzeraino.

Baina irudipen horretatik aparte, erreportaia ikusten jarraitu nuen, aita-semeak batetik bestera nola mugitzen ziren begira, kamara atzetik zutela, itxarondako unea iritsi arte. Hasieratik nekien gertatuko zela. Itsu-itsuan gosariak banatzen ibiltzeak hanka barruraino sartzea ekar zezakeelako.

Eskalerik eskale, motxiladun gizon batengana hurbildu ziren, bizardun ile-zuri batengana, eta ordurarte bezala, “jauna, gosaririk nahi?” galdetu beharrean, pauso bat haratago joan zen aitaren berba jarioa. “Barkatu, jauna, behartsuei gosariak banatzen gabiltza, kafea eta boilorik nahi al duzu?” Mundu guztiak zekien gizon hura ez zela eskalea. Mundu guztiak, aita-seme eskuzabalek izan ezik. Umorez hartu zuen gizonak, bera ez zela eskalea, baina eskertzen ziela gonbita, kafea hartuko balu bezala eskertzen zuela. Inori ez zaio eskaletzat hartzea gustatzen, eta berari ere ez zion graziarik egin. Konpromezuzko irribarre eta hitzen artean agurtu ziren. Aitak ez zekien burua non sartu, kaleko alde batera eta bestera begira jiratzen zuen burua, hankasartzea ahazteko beste eskale bat aurkitzeko presa izango balu bezala. Semeak harriduraz begiratzen zion aitari, bizitzan lehen aldiz, gizon haren semea izateaz lotsatuko balitz bezala.

Eta, ez dakit zergatik, ni poztu egin nintzen hanka sartu izanaz. Lekzio bat iruditu zitzaidan familia osoarentzat. Ez aita-semeek laguntza banatzeko zuten moduagatik bakarrik, elkartasuna ulertzeko eragatik baino. Une batez, egiten zutena ez zutela behartsuengatik egiten pentsatu nuen, beraiengatik baizik. Pobreei laguntzeak, urtean behin bazen ere, harro sentiarazten zuen familia, kontzientziak garbitu eta beraien bizimodu arruntarekin jarraitu ahal izateko.

Baina milaka ikusleren aurrean ebidentzian geratu zirenaren sentsazioaz itzali nuen telebista. Akaso, nik bakarrik ikusi nuen guztia horrela. Akaso, ekintzei eurei begiratu eta elkartasunaz hausnartu beharrean, nahita jarri nuen arreta detaileetan, neure kontzientzia babestu eta lasai lo egiteko. Ez dakit. Ni, irribarrez sartu nintzen ohera, errudun sentipenik gabe, hori bai, hurrengo goizean, behingoagatik, kafea eta boiloa gosaldu nituen.

1 thought on “Gabonak eta elkartasuna”

  1. txarrena da, pobriak urte guztijan dizela pobriak, ez gabonetan bakarrik. zuk diñozun modura, zurikeri hutsa ixan zan famili horrena. ni neu lotsatu engo nintzan

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s