Torturaren aurkako manifestazioa burutuko da datorren zapatuan

Datorren zapatuan, urriak 30, torturaren aurkako protestan parte hartzeko deia luzatu dute hainbat eragile eta alderdik. Manifestazioa 17:30etan izango da Donostian. Lekittotik autobusa egongo da.

 Torturaren aurka datorren larunbatean Donostian egingo den manifestazioan parte hartzera dei egin dute Euskal Herriko hainbat alderdi politikotako, sindikatutako eta gizarte eragiletako ordezkariek. Hogeita hamarren bat lagunek egin zuten agerraldia atzo, Donostian. Han ziren ezker abertzaleko, Eusko Alkartasunako, Alternatibako, Abertzaleen Batasuneko eta Aralarko ordezkariak, LAB, EHNE, Hiru, ESK eta EILAS sindikatuetakoek; bai eta Euskal Herrian lanean ari diren beste 50 bat gizarte eragiletakoak ere. Horiez gain, nazioarteko zenbait gizarte eragilek ere bat egin dute torturaren kontrako ekimenarekin.

TAT Torturaren Aurkako Taldeak antolatutako manifestazioa da datorren larunbatekoa. Duela bi aste Iruñean egin zuten aurkezpen ekitaldian, lau puntuko agiri bat irakurri zuen Añe Ituño TATeko kideak. Eta atzoko agerraldian gauza bera egin zuten Haizea Solagurenbeaskoa Ikasle Abertzaleakeko eta GaztEHerriako kideak eta Carlos Hernandez Euskal Herriko Torturen kontrako Koordinadorakoak, hain zuzen, atzo manifestazioan parte hartzera dei egin zuten eragileak bat datozelako TATek egindako eskaerekin.

Lehenik, diote tortura ez dela salbuespenezko praktika bat, «tortura errealitate bat» dela Euskal Herrian». Horregatik, tortura behin betiko amaitzeko eskatu dute, eta inor gehiago torturatua izan ez dadin beharrezko neurri eta bermeak hartzeko. Bigarrenik, eskatu dute torturatuak izan diren herritarrei torturaren ondorioak gainditzeko beharrezkoak zaizkien bideak eskaintzeko. Hirugarrenik, egun torturak duen «zigorgabetasuna» amaitzea galdegin dute. Azkenik, tortura amaitzeko konpromiso argiak hartzeko eskatu diete erakunde publikoei. «Horretarako eman behar den lehenengo pausoa inkomunikazioa amaitzea da».

Behin agiria irakurrita, tortura bukatzeko lan egitera eta datorren larunbatean Torturarik ez lelopean Donostian egingo den manifestazioan parte hartzera dei egin zuten bildutakoek -manifestazioa 17:30ean abiatuko da Antiguako tuneletik-. Solagurenbeaskoak Hernandezi eman zion hitza. Hark agiri bera baina gaztelaniaz irakurri zuen, eta hartan bukatu zen agerraldia, kazetarien galderarik ez zutelako erantzun. Horrenbeste eragilek adostutako agiria izanik, guztien izenean hitz egiterik ez zutela argitu zuten bildutakoek.

2 thoughts on “Torturaren aurkako manifestazioa burutuko da datorren zapatuan”

  1. pertsona baten atxilotzia gogorra da berez eta horreri inkomunikazinoia eta torturia gehintzen badotzaguz …
    Guk badakigu hamen tortura eitten dala eta danon esku dago TORTURARI STOP !!!!

  2. Garrantzitsua benetan. Hor daukau pasan asteko sarekadan atxilotutako gaztien tortura salaketa latzak, egunotan Portu eta Sarasola tortura ebezen txakurren “kontrako epaiketia”… Gogor entzun bihar da gure nahija kalian! DANOK EMON BIHAR DOGU ZEOZER, GITXI BATZUK BARRIRO BE DANA EMON BIHAR EZTEIXEN!!

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s