Kalean uso, etxean…

Sormena izeneko atal hau estreinatzeko, aspaldi argitaratutako istorio hau gogoratzia pentsa dogu.  Gure lagun batek ipuin hau  nobela lehiaketa batera aurkeztu ondoren,  guaz konpartitzia erabaki eban. Azkan finian, horixe da nahi doguna, zuk sortu, guk sartu eta denok eztabaidatu edo iritzia emotia. Gaur istori bat, bihar musikiari buruzko kontu bat, eta etzi… etzi, zeuk nahi dozuna.

KALEAN USO, ETXEAN…

Gogoratzen naiz udako egun hartan hain gustuko nuen The Police taldearen bi sarrerarekin lanera bila etorri zitzaidan egun hura. Ederra zegoen, haizea jostari zebilen bere ile kizkurrean, bere begi berdeek gehiago maitatzera kondenatzen ninduten. Lagunek bikote perfektua egiten genuela zioten. Uste nuen nire bizitzako neska izango zela; larrosa bat desertuan, ez genuela hitz antzurik sekula edukiko, ezta ere negu gordinik elkarren ondoan.

Ederrak ziren garai haiek, gogoan daukat eztei bidaietan Maldivetara joan ginenekoa. Hondartza zuriak eta ur gardenak, mundua biona bakarrik zen. Nola gauak izarrak zenbatzen ematen genituen. Kandelen argitan izaten genituen afariak eta ardo onez bustitako hizketaldi luzeak ezin ahantzi; edo udako kontzertu zoro hura, biok mozkor- mozkor eginda errekan bainatzen bukatu genuenekoa. Istorio eztiak datozkit gogora, horien artean hegaka Uxue besarkatu nuen lehen eguna. Hiru kilo eta hirurehun gramo pisatzen zituen, neska galanta zen bera. Gogoan ditut baita , Uxue helduxeago zenean mendira egiten genituen txangoak. Batez ere hirurok Gorbeiako magalean galdu eta euria hasi zuen hura.

Baina denbora igaro da eta zenbat buelta ematen dituen bizitzak. Aspaldi geratu ziren atzean garai goxo hoiek etxean daukadan ganora gabeko horren erruz. Oraindik buruan iltzatuta daukat enpresako afarian Mikel eta bera taberna hartan nola ibili ziren nire aurrean zozokerietan; irudi hark benetako amorrua sortu zidan. Orduantxe ikusi nuen itsasoetako erregina sorginen erregina zela egitan. Berak uste zuen ni ez nintzela ohartzen, baina banekien panpoxa jartzen zenean beste gizon batzuek begiratzeko zela. Ez dakit zergatik egiten zuen, bazekien horrek haserretu egiten ninduela.

Lehen bere hitzak Beethovenen sinfonia ziruditen nire belarrietan. Orain aldiz, bere hitzak narritagarri zaizkit. Lanetik etxera itzultzen naizenean, lasaitasun pixka bat aurkitu nahian, eta etxea egoera horretan aurkitzeak erre egiten dizkit barruak. Komuna beti aldrebestuta, sukaldea lohia eta umea oraindik  telebista aurrean.

Lanean ere azken aldi honetan gauzak txarto doazkit eta bera da horren erruduna,  lan orduetan puta zikin hori zertan ibiliko den pentsatzen egoten bainaiz. Hau gutxi balitz, lankideei aurpegi ona jarri behar eta ugazaba ez haserretzeko ordu estrak sartu behar.

Niretzat ere lehen argia zena orain ilun bilakatu da. Beti kexuz ari da emakume hori. Lanetik irten eta estresa kentzeko lagunekin banoa garagardo batzuk hartzera, mozkortuta natorrela dio; ni mozkortu, inozo halakoa!  Honez gain, ondo asko daki ez zaidala janari hotza jatea gustatzen eta pixka bat berandutzen bazait afaria hotza egoten da. Beti berdin! emakume hau! Etxea atontzea, alaba eta gizona zaintzea beste zereginik ez dauka eta hori ere gaizki egiten du. Zer uste du ba emakume honek, nazkatuta nauka, kokoteraino! Nik ez dut nahi izaten, maite dut oraindik, baina beti lortzen du nire onetik ateratzea.

Ezkonduta gaudela 3 urte pasatu dira, hiru urte luze zoritxarrez, atsekabez beteak. Urteak mende izan dira eta mendeak urte. Otsoa etxean sartu da eta berarekin batera ikara etorri; egunak joan, egunak etorri, bildots honi larrua kentzen ari zaio.

Nobiotan ezagututako pertsona hura non gelditu da, eskuzabala, jatorra, ulerkorra, laguntzeko prest zegoena? Egia esan, bere lagunekin honelako izaera du, kalean denek kriston tipotzat daukate, nahi duzunari galdetuz gero, hori izango da bere erantzuna.

Aitzitik, etxeko atea igarotzen duenean, itxuraldatu egiten da, sekula imajinatuko ez nukeen basapiztian bilakatu baita. Zein ondo ezkutatu duen bere benetako izaera eta zein inuzentea izan naizen aurretik ez antzematean…nork esango zukeen…!

Hasierako pasadizo hura bihotzean arantzaturik daukat, ezin ahantzita. Arrastoak ere oraindik larruazalean daramazkit, kabroi halakoak ondo grabatuta utzi baitizkit. Lehen aldi hura, bere jeloskortasunaren ondorioa izan zen, parranda batean bere lankide batekin belarrira berbetan ikusi ninduelako, tabernako musikak komunikatzea zailtzen zuelako izan bazen ere.

Orain jipoiak huskeria batzuengatik etortzen dira, batean ez dudalako umea garaiz ikastolara eraman, bestean bainugela hankaz gora utzi dudalako… edozein aitzakia da beretzat astinaldi latzak jotzeko arrazoi. Torturapean bizi naiz, senarra sentimendu gabeko torturatzaile bilakatu da, nire etxea nire kartzela bihurtu da, lau horma ilun, argi izpirik gabe.

Alabak ezer ikusterik ez dut nahi, ezer sumatzerik. Betaurreko beltz handi hauek eguzki printzarik ez dagoenean ere erabili behar izatea… bada ba susmagarria, baina!!  Alaba oraindik gazteegia da, zenbat eta beranduago ohartzen den egoeraz, sufrimendu gutxiago pairatuko du.

Amak ez du lehengo bera ematen. Garai bateko aurpegi alaiak, aspaldi utzi dio begirada ilun eta galduari lekua. Garai bateko besarkada eta hitz politak, musu hotz eta maitasunik gabeko berbetan bilakatu dira. Bere aurpegi leunak jasotako kolpeen arrastoak agerian ditu oraindik. Ezkutatzen saiatzen den arren, badaki nik ere badakidala. Askotan galdetu diot ea aitak zergatik jotzen duen. Sekula ez da egia esatera ausartu. “Txikiegia zara ulertzeko”, “helduen gauzak dira” edo “aitatxok arrazoia du” izan dira jaso ditudan erantzun bakarrak. Egia da, bai, “txikiegia” naizela “helduen” zenbait gauza ulertzeko, baina 12 urte soilik izateak ez nau itsu bihurtzen. Ikastolan askotan hitz egin digute bikoteetako indarkeriaren inguruan, emakume eta gizonen arteko berdintasunaren inguruan.

Egun batean, eskolatik etxera heldu eta ohi bezala logelan negarrez aurkitu nuen ama. Hurbildu eta bere ondoan eseri nintzen. “Ama, ikastolan beti esaten digute, norbaitek zerbait txarra egiten badizu, salatu beharra dagoela. Zergatik ez duzu zuk ere berdina egiten?” Sekula ez dit horrelako zaplaztekorik jo. Ohetik jauzi batean altxatu eta oihuka hasi zitzaidan. Nik ez nekiela ezer, ume moko bat nintzela eta inori ezer esaten banion aitak ni ere jo egingo ninduela. Ezin izan nien malkoei eutsi. Nire gelara korrika alde egin nuen eta ez nintzen egun osoan gehiago handik irten. Geroago, barkamena eskatzera etorri zitzaidan eta inori ezer ez esateko erregutu zidan, oraindik ere negarrez, baina oihukatu gabe. Ez zuen etorri beharrik, banekien berak ez zidala minik egin nahi. Buruarekin baietz egin nion nik. Orduan ikusi nuen amaren aurpegian gogoratzen dudan azken irribarrea.

Ordu asko pasatzen ditut nire logelan bakarrik. Seguru sentitzen naiz hemen. Aita eta ama eztabaidan hasten diren bakoitzean, hona etortzen naiz. Hala ere, berdin entzuten ditut baten garrasiak eta bestearen negar-hotsak. Gehiago ezin dudanean, ohean sartu, belarriak itxi eta beste mundu batean bizi naizela imajinatzen dut. Aitatxo, amatxo eta ni, hirurok, zoriontsu bizi garen mundu batean. Oihurik, irainik, eztabaidarik, malkorik, kolperik, zauririk, orbainik ez dagoen mundu batean. Txikiagoa nintzenean, gure etxea mundu horretakoa zen. Hitz itsusi bat esaten genuen bakoitzean, 5 zentimo botatzen genituen itsulapiko batera. Aitak, lanetik heltzen zen bakoitzean, musu bat ematen zigun bioi, lehenengo niri eta gero amatxori. Askotan, musuarekin batera zerbait esaten zion belarrira, eta biak barrez hasten ziren. Nik ere barre egiten nuen, ezer ulertu ez arren. Argi zegoen elkar maite zutela eta nik nahikoa nuen hori jakitearekin. Ez nuen beste ezer behar zoriontsu izateko. Bost axola zitzaizkidan astebururo egiten genituen txangoak erabakitzeko izaten genituen eztabaidak. Aitak beti mendira joan nahi izaten zuen, eta amak hondartzara, eguzkia bazegoen, eguzkia hartzera; zerua lainotsu bazegoen, itsasoa ikustera. Niri ez zitzaidan inporta batera edo bestera joatea. Aste batean aitaren alde egiten banuen, hurrengoan amari ematen nion arrazoia. Beti barrez amaitzen genituen eztabaidak. Orain, eztabaida guztiak negar malkoz bustita amaitzen dira gure etxean.

Izan ere, gauzak asko aldatu ziren egun batetik bestera. Begi bistako arrazoirik gabe, aitak lanetik heltzean musu bana emateari utzi zigun. Amari belarrira xuxurlatzen zizkion hitzen ordez, kexak eta keinu itsusiak bakarrik zituen berarentzat. Niri, hasieran, ez zidan kasu handiegirik egiten; orain, begiratu ere ez nau egiten. Ikastolara kotxez eramaten nauenean, ez dugu hitzik trukatzen. Noiz edo noiz, ea ikastolan nola nabilen galdetzen dit. “Ondo” labur batekin erantzuten diot beti. Goizero bere oihuekin esnatzen naiz. Gauero bere oihuak entzuten lokartzen naiz. Etxean ez dagoenean, amak ere zoriontsuagoa ematen du. Zorion apur horrek, afal-ordurarte besterik ez du irauten ordea. Aita iristearekin batera hasten dira lehenengo irainak eta garrasiak. Orduan, nik gelara alde egiten dut. Ez dut hortik aurrera gertatzen den ezer ikusi nahi izaten. Nire gelan egoten naiz isil-isilik. Beti horrela izaten da, behin izan ezik.

Gaueko hamaikak dira eta senarra oraindik ez da heldu etxera. Non ibiliko ote da? Putetxe horietako batean ez da egongo ezta? Sentsazioa daukat ez dudala asetzen eta bere gosea putek asebetetzen dutela. Behin baino gehiagotan galdetu diot neure buruari honen guztiaren errua neronek dudan, ni izango ote naiz ba erruduna?! Kontzientziak ez du erantzunik aurkitzen hala ere.

Normalean hamarretarako etxera itzulita egoten da, ordurako afaria berari gustatzen zaion modura prestatu berria izan behar dut mahai gainean. Gaur, haserrerik ez egoteko oilaskoa patatekin prestatuta dut baina beranduago datorrenik ez du abisatu.

Giltz hotsa. Atea zabaldu eta urratsak entzun ditut. Gabonik ere ez du esan, badirudi txakur bat sartu dela eta egian esan, “txakur” bat sartu da. Sukaldera heldu eta begiak gorri-gorri antzeman dizkiot, ene ba, oraingoan ere edanda dator. Buf!!! Bere pena guztiak alkoholetan isuri dituenean ohi baino oldarkorrago eta ausartago etortzen da. Ezin izaten zaio txintik ere esan, gaurkoan ere izango dugu sesioa.

–         Berandu zatozenik ez didazu esan, orain ere ibiliko zinen nahastuta lagunekin kaña batzuk hartzen.

–         Zu beti gaizki pentsatzen, lanez gainezka nabil eta oraindik zure erretolika entzun behar. Gogoratzen dizut etxera dirua ekartzen duena ni neu naizela.

–         Ez zaitez jarri horrela, berba erdirik ere ez dizut esan eta.

–         Nazkatuta naukazu! Beti zure tontakeriak aguantatzen! Urdanga halakoa!

–         Urdanga ni! Urdangak zuk larrua jotzen dizkiezunak dira.

Beste behin ere, gurasoen hika mika entzun dut logelatik; berriz ere belarriak itxi  ditut eta beste mundu batean bizi naizela pentsatzen saiatu naiz. Baina, gaurkoan, alferrik izan da. Oraingoan, amaren negarrak inoiz baino gordinago iritsi zaizkit belarrietara. Lehen aldiz, ohetik jaiki eta gurasoen logelara hurbiltzen ausartu naiz. Ate ertzetik begira jarri orduko damutu zait, ordea. Aitak amari eman dion ukabilkada ikusi ahal izan dut, eta ama nola erortzen zen ohe gainera, aurpegian negar malkoak eta odol tantak ezin bereiztuta zituela. Orduan, aitatxok gerrikoa erantzi du, amatxoren barkamen oihuen eta bakean uzteko erreguen artean. Zirkuko pizti-hezleak lehoia bezala, zartadaka josi du bere lepo biluzia, behin eta berriz, amaren negar hotsak jasanezinak egin direnerarte. Momentu horretan, sekula ez bezala sentitu dut gorrotoa. Sekula ez bezala beldurtu naiz. Guztia amaitu dela pentsatu dudanean, basapiztiak berriro ere jauzi egin du babesik gabeko ehizakiaren gainera, eta esku batekin lepotik heltzen zion bitartean, bestearekin zaplastekoak emateari ekin dio.  Ezin izan dut gehiago eutsi. Nahiago izango nuke beti bezala ohean geratu izan banintz.  Buelta erdia eman eta nire logelara bueltatu naiz damututa,  burumakur, triste, ikaraz, haserre, lotsatuta. Ez zait indarrik geratzen. Ez daukat betiko horrela jarraitzeko adorerik. Iritsi da begiak zabaltzeko ordua. Nekatu naiz itsututa egoteaz. Nekatu naiz isilik egoteaz. Gaurtik aurrera gure etxean ez da ezer berdin izango. Gaurtik aurrera ez dut aitarik.

Egoera hau jasanezina da. Sekulako kalbarioa bizitzen ari naiz, gorriak ikusten nabil eta honi amaiera eman behar diot behingoz. Beti beste aukera bat eskaintzeaz nazkatu naiz, azken jipoia izango dela sinestarazi nahi dit, hitz politak esan eta dena ahaztuko delakoan, baina berriz ere harri berdinean erortzen naiz. Aski da! Erabakia hartzeko garaia da!

Ama zenak behin baino gehiagotan esaten zidanez, zezenari adarretatik kolpe behar zaio, ikarari ikararik izan gabe, baina zer egin behar dut ba nik?

Eta salatzen badut, zer?!

Ez daukat kemenik, ez daukat adorerik. Alaba eta ni kale gorrian gelditu gaitezke, inolako diru-iturri gabe eta nora joango gara ba bizitzera, zubipera?

Hirugarren pertsona baten laguntza behar dut. Laguntasun keinu bat, ez besterik.

Soka gero eta estuago somatzen dut lepoaren inguruan. Eta ez dut nire alabak gehiago sufritzerik nahi.

Patua idatzita dago.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s